Tren bidaiak ez zaizkit denbora galtzeak iruditzen. Astean lau orduz luzatzen badira ere, denbora ez da galtzen. Gelditu akaso bai. Onartu beharra dut, neure bizitzan, benetako unerik ederrenak treneko bidaietan izan ditudala. Bizitza nomadarena etortzen zait gogora, joanaren magia. Izan ere, bizitzak ni eragozten nau, eta mugimenduan dauden bagoietan arnasa hartzen du eta lo geratzen da. Neu esnatzen naiz. Oso urrun iristen naiz. Ordu asko behar izaten ditut joanean, esna eta behatzen, nora noan ez dakidala ahaztu zaidala oroitzeko.
Eta trena gelditzen da, eta dagoeneko ez nago mugimenduan, baina denboratxo bat pasa behar da berriz lokartzen naizen arte.
Eta alperra ematen dit loak hartzeak.
Iruzkinak
Ez naiz zoriontsu, ama.
Aitortzen dizut, eskolarako inkesta hura gordetzen zuen gutuna ireki nuela aspaldiko hartan, orain dela lau edo bost urte (dagoeneko??). Eta ordutik ez dakit zergatik, ezin izan dut zure erantzun hura ahaztu; garrantzitsuena ez da neure inteligentzia, edo lortuko dudan arrakasta, edo pertsona justu bat izatera iritsiko naizen. Garrantzitsuena, eta zuk opa didazun gauza bakarra, zoriontasuna da. Horixe da zuk aukeratu zenuen kasilatxoa, besteen artean. Ez du beste ezerk ardura. Aitortu beharra dizut bizitzako zati luze bat eman nuela zoriontasunaren atzetik. Baina inoiz ahaztu gabe ez dakidala zer den. Eta horixe itauntzen zait zure erantzuna oroitzen dudanean. Auskalo zer den zoriontasuna. Orain ez nioke zoriontasuna deituko bilatzen dudanari. Baizik eta askatasuna. Askatasuna, burujabetasuna eta egia.
Askotan imajinatu izan dut zer usteko zenukeen hiltzaile bat izatera iritsiko banintz. Edo lapurretaz-lapurreta kartzelan bukatuko banitu nire bizitzako azken egunak. Edo oparotasun utopikoarekin maitemindurik, gizarte hau aldatzeko eta herriagatik neure bizitza eman izango banu. Edo drogazaletasunak bizi baldintza duinen mugara eramango banindu. Eta haurdun gelditu eta 18 urterekin ikasketak utzita ni baino 20 urte nagusiagoa den gizonarekin bizitzera joango banintz?. Edo gau batez maletak egin eta munduari bira ematera joango banintz, eta bizitza guztian ibiltari bakarti bezala gizartetik kanpo etxola batean biziko banintz.
Ez, zuk etxeko atetik sartzen ikusi nauzu iluntzero. Maleta pisutsua, eta musika entzuteko kaskoekin, irribarrerik inoiz luzatu gabe. Astiro eta kaixo esan gabe, logelan sartzen ikusi nauzu egunero. Eta ordua zuk deritzozuna izan ezean, ea non egon naizen galdetu ohi izan didazu. Neuri, sarriegi, galdera zailegia iruditu izan zait, eta gezurra esan dizut. Eta goizero kostata altxattzen sumatu nauzu, zabaldu nahi ez ditudan begiak urratzen dituen argiari oztopoak jarri nahirik.
Dena dela, sarri galdetzen diot ene buruari zein hitz aukeratuko nukeen nik. Ze kasilatxo markatuko nukeen nik. Zein izango litzateke, bakarra izatekotan, neure seme-alabei opako niekena?
Ez dut uste zoriontausna aukeratuko nukeenik, orain dela lau urte egokiena iruditu zitzaidan arren, nahiko erantzun hipokrita eta axolagabea iruditzen zait orain.
(Une batez askatasuna dela garrantzitsuena iruditu zait, eta akaso aukeratzeko kasila haien artean hitz hori balego, hura hautatuko zenuke. Edo agian, zuk, zoriontasuna ulertzen duzu, badu zentzua zugan, eta horren bila daramazu bizitza guztia)
Dena dela, galdera interesgarria iruditzen zait, erantzun hori leku izkutu batetik aukeratzen delako.
Iruzkinak
Kanpo errealidadea gaizki atera zaidan zerbait da niretzat.
Jendea, azidente deseroso bat baino ez da.
Ikusten den mundua, ondo eta zuzen egiten ez dakidan zerbait.
Ni haientzat bezala.
Gaizki atera den eta izaten ez dakien azidente deseroso bat.
Iruzkinak
Eta gure (nire) begiradak inperio oso bat eratu zuen:
eta “ez begiratu horrela” esango didazu. “Nola?” galdetuz erantzungo dizut nik. “Orain begiratzen nauzun begi berberekin”. Deserosotasuna antzemango didazu neure begiradaren norabide ezaren ondorioz. “Ba kendu paretik”, esango dizut begiak lurrari so. “Ezin dut”. Isilune labur baina pisutsu eta sakona. “Zergatik?”. Zu izango zara orduan, deserosotasunaren portadore nagusia. “Ausartzen ez naizelako”.
Denbora zapalduko dut zentzua izan dezagun, ez gaitezen izan denboraren ondorioz gehitu den ezer. Gure begirada hazten iraun genuenak zentzurik ez duelako. Horregatik ez garelako ezer elkarrentzat. Baina etorkizunak ez dit beste ninirik eskaintzen, non ito. Eta zuk, ez duzu utzi ez zenuen ezer eraman. Eta nik, eman ez zenidan guztia hartu nuen, jada joan zinenean.
“Zure ausardiak behar du izan egoitza nere begietan”. Begirada jaso, eta autopista bat inauguratuko dut gure begien artean. “Zergatik?”. Kasik mugiezin, kasik grabitatetik kanpo. “nik ez diedalako uzten ezer aitortzen”. Hemen, isilune nahiko luze xamarra egongo da. “Nik ez dizut baina esan, zer den zure begiez”. Ia-ia zuk bukatu aurretik orain arte baino ozenago esango dut; “Baina zure ausardia ezak bai”.
Eta bi eternitate izango gara, bi ipuin ezberdin, bukaera baterako. eta ez bi bukaera ezberdin ipuin baterako.
Eta erdibiturik, nire begiekin haserretu naiz:
Eta etorri zinen, egunero ari zinen etortzen. Izan ere, zu iritsi aurretik bukaera bat idatzi diot gure arteko begiradari. Erdibiturik itzultzen naiz etxera, neure begikin haserre, auskalo ze aitorpen klase egingo zizuten gaur!. Eta artean zu ez zaude. Haserre nago. Zure begirada trabatu zait burkoaren azpian, eta erdizka baino ezin dut ukitu. Haserre nago gorroto zaitudalako eta neure begiak zureen lagun egin direlako. Gure begiak beti ari direlako elkarrizketan. Ez zaudelako baina zaudelako. Erdibiturik nago, pentsatu ezin dudalako, nirea ez zarelako, eta pentsatu behar dudalako eta zurea naizen edo ez. Haserre nago, hemen ez zaudenetik denbora luze xamarra joan den arren, gure begiak lehen aldian bezala elkarrizketan jarraitzen dutelako. Hogei bizi berri eraiki ditudalako, eta ispiluan begirada berbera islatzen delako beti. Ezin zaitudalako iragan bihurtu, etorkizunik gabe. Orainetik bidaliko zaitut, denboran sakabana zaitezen, eta oraina ez den beste egun baten itxarongo dizut.
Eta neure begiak ireki egin ziren:
Ez dakit non zauden. Ez dakit zer zinen.
2 Iruzkin
Ikusi zaitut. Aterkipean. Lehenengoz ikusi dut negua. Bapatean kalea ez dago hutsik; norbait dago zure azpian luzatzen den espaloiaren beste puntan. Ez dauka aterkirik. Atzetik doakizu, eta sorbalda ukitu dizu esku batez. Zu, harritu bezala egin zara, baina gero aterkipean sartzen utzi diozu. Ez dut ezer entzuten, baina begiak behartzen ditut zure ahoraino iristen, eta badirudi, biok ere, isilik zaudetela. Geldi. Euripean. Argazki bat dirudizute, ez baita zuen inguruan ezer mugitzen. Euria bera ere, gelditu egin da. Triste zaude, zure aurreko horren aurpegi ilun baina alaiaren aurrean. Beldurtu egin zara, eta bazoaz. Gelditu egin da euria, aterkipetik atera zaren une berean. Eta han geratu da, aurpegi ilunarekin, euririk gabe, bustita eta aterkipean. Oraingoan ez dut nire arima jasoko. Gera dadila, aterkipean. Euririk gabe.
Iruzkinak
“(…) abiatu eta ez itzultzea da iristea.” (Karlos Linazasoro)
Baina iristea ez al da iragana ulertzea?
Ez itzultzea ez al da ihes egitea?
Sinisten al dugu itzultzeko dagoen leku horretan?
Denborak darrai, gu geldi gaudenean?
Nork sinisten du itzultzeko dagoen leku horretan?
Nork, norabide bakarreko treneko bidaiariak garela?
Iristea ez al da itzultzea?
Itzultzea, baina beste begi batzuekin?
Iritsitakoan denak beharko luke denborarik gabea….
3 Iruzkin
AHT-aren obrak hasita Abadiñon.
Borroka potolo baten ostean obrak hasiak dira bizkaiko zenbait lekutan. Oraingoan, Abadiñon hasi dute txikizioa isilpean eta presaka. Demokraziaren izenean gure jaun ahaltsuek, hainbat ahots gizarteko subkonszientean lurperatu dituen botereak, komunikabideetan lo daduden begientzat hilkutxa erosoa eratu dute. Dena dela hainbat izan dira erakundeak zein norbanakoak, astakeria honen aurrean eskubide minimoak behintzat berma daitezela eskatu dutenak, eta eztabaida zabaltzeko aukera aldarrikatu dutenak. Baina jauntxoek entzugor egiten dute. Kapitalismoa den makina honetako torloiurik handiena dugu txikizio hau, gizabanakoaren eskubideen gainetik dagoen sistema baten ustelkeria garbi erakusten duena. Edozer, funtzionamendua berma dadin. Inposaketa eta desinformazioa izan dira hemen ere erasorik larrienak. Manipulazioa eta iruzurra esatea ere ez legoke lekuz kanpo. Garbi dago, kapitalismoa eta demokrazia hitzak ezin litezkeela kontzeptu berean sartu.
Gainera, orain PNV kontsulta batekin dator. Eta nork azaldu haurrei demokrazia zer den?. AHT-ari buruzko galdeketa ez omen da eta zentzuzkoa….
Iruzkinak
Hitzak lo direnean, bidaia sentipena denean…….
Asaldura ulertezin bat, loan esnatzen nauena ezer ez esateko.
Nik bera sortu dezadan.
Barneko zoko izkutueneko ni-a zarataka.
Bere buruaz beste egiten akaso.
Pentsa dezaket bizitzako sasoien ondorio dela, sentipen hauek ezagunak zaizkidanez. Noizean behin hutsik sentitzen naizela bizitzaren norabide zirkularrean une honetara iristean.
Bestela pentsa dezaket handia eta gogorra dela sentipen itsu honen kausa. Baina ez diodala neure buruari ikusten uzten. Neu izan naizela neure burua esnatu duena, ametsak egi larregi esan duelako. Edo neure burua dela lokartu nauena ezer ulertu ez dezadan. ETa pentsamendu basati, arriskutsu, krudel eta hotzik ez badut ere, horrek sortuko lituzkeen sentipen guztiak bizi ditudala. Arrazoia itzali dudala, baina sentipenak ezin direla gelditu. Jakintza beldurgarrieneko amildegiaren sentipen denak, akaso. Bananduta nagoela, ez bainoa inora pentsatu gabe sentituz edo sentitu gabe pentsatuz. Preso nagoela sentimenduetan.
Iruzkinak
Begi bat ireki du eta argiak zaplasteko gogor bat eman dio ninian. Begiak itxi ditu berriz eta astiro ireki ditu. Udako lehen egun eguzkitsua berarentzat, eta atzo pertsiana guztiz jeistea ahaztu zitzaion. Diotenez uda sasoia pozgarriagoa da norberarentzat, argitsua eta alaia. Oroitu du bera dela uda baino negua gogokoago duen pertsona bakarrenetarikoa.
Udaberria jasan dezake, baina udako giro hori heldu eta negua guztiz atzean uzteko garaia iristean, ez daki hainbeste argirekin zer egin. Larregi da argitzen dena. Izan ere, eguzkiak mundu zabalegi bat erakusten duela iruditzen zaio. Mugiezindu egiten du eta ez da salbu sentitzen. Neguak berriz, besarkatu egiten du. Neguak bere buruarengan biltzen du. Iruditzen zaio patetikoa dela ilunean gehiago bizi denaren sentsazio hori, eta bere buruari onartu dio urtaro ilun horretako giro hotz, triste eta malenkoniatsua bere isladarik garbiena dela. Zoritxarrez. Eta une batez negua gorroto du, argia uxatu diolako. Negua gorroto du une batez, iluna maitatzen irakatsi diolako eta argia hain arrotz zaiolako.
Bai, eguzkiak begirada larregi jartzen dizkio bizitzan. Bizitza handiegian. (Aukera larregi beharbada?). Egiten ez duen ekintza bakoitzeko, erabakitzen ez duen aukera bakoitzeko bizitza galtzearen sentsazioak porlandu egiten du, jaio diren lekuan bertan hiltzeko patu sahiestezina duten estatua horiek bezala. Neguan bizitza txikia da, eta badu heusteko indarrik. Bera bezain txikia da kasik izatea munduan hotz denean. Eta nola ez, ilunak babestu egiten du. Errazago egiten zaio bera izatea. Udarekin alderatuz oso bakardade ezberdina da negukoa. Neguan bizitza bat duela iruditzen zaio, harat-honat laburrean, lehio ondoko bakarrizketa luzeetan. Euriari sarri mintzatu izan zaion iluntze ilunetan giroak filme erromantikoetako une hunkigarrieneko antza hartzen du. Berak oso gogoko ditu filmeak, batez ere bere bizitzako eszenetan sarri nahasten duelako pelikuletako magia ederrena. Neguan askoz errazagoa da.
Udan badirudi barne munduari biraka aritzea ez bizitzea dela eta mundu biribil honi biraka aritu behar zaiola norberak benetan bizi nahi badu. Udak beldurra ematen dio, eta beldur horrek ikaratu egiten du.
Pentsamendua eremu deserosora iritsi da eta begiak itxi ditu, burua burkoan ondoratu eta ilunaren bila abiatu da. Buelta erdi eta lo gehiago. Beste behin argiak garaiturik.
Iruzkinak
Hitzak. Lurralde urrutikoan esnatzen nauteneko zorabioa. Itsuan naramateneko bidea, zeinetan urrutira iritsirik begiak ireki eta esanahiak uzkurtzeraino beldurtzen nauen. Beti helmuga bat.
Sarri ez naiz jabe sentitzen, auskalo nork dakartzan neurera.Atzera begiratu eta bideaz kontziente ez izanaren sentsazioa. Aspaldiko hitzetan, bart ikaragarritzat jo nuen aurkikuntzaren hitz berberak somatu.Eta beldurra liluratu egiten da. Eta jolasa zena handitu egiten da.
Abiatzea dela esan dezagun,
Zirimolak dirauen artean.
“La vida humana no se toca en un solo registro: hay ecos, intercambios, y hay quien afronta la historia sin haber afrontado nunca las pasiones, hay quien es libre con las costumbres y piensa de manera corriente, y quien vive como todo el mundo y cuyos pensamientos sacan de raíz todas las cosas…”
Maurice Merleau Ponty
2 Iruzkin