Neguan

2008 Uztaila 6 @ 22:49 (Sailkatugabeak)

 

Begi bat ireki du eta argiak zaplasteko gogor bat eman dio ninian. Begiak itxi ditu berriz eta astiro ireki ditu. Udako lehen egun eguzkitsua berarentzat, eta atzo pertsiana guztiz jeistea ahaztu zitzaion. Diotenez uda sasoia pozgarriagoa da norberarentzat, argitsua eta alaia. Oroitu  du bera dela uda baino negua gogokoago duen pertsona bakarrenetarikoa.  

Udaberria jasan dezake, baina udako giro hori heldu eta negua guztiz atzean uzteko garaia iristean, ez daki hainbeste argirekin zer egin. Larregi da argitzen dena. Izan ere, eguzkiak mundu zabalegi bat erakusten duela iruditzen zaio. Mugiezindu egiten du eta ez da salbu sentitzen. Neguak berriz, besarkatu egiten du. Neguak bere buruarengan biltzen du. Iruditzen zaio patetikoa dela ilunean gehiago bizi denaren sentsazio hori, eta bere buruari onartu dio urtaro ilun horretako giro hotz, triste eta malenkoniatsua bere isladarik garbiena dela. Zoritxarrez. Eta une batez negua gorroto du, argia uxatu diolako. Negua gorroto du une batez, iluna maitatzen irakatsi diolako eta argia hain arrotz zaiolako.   

Bai, eguzkiak begirada larregi jartzen dizkio bizitzan. Bizitza handiegian. (Aukera larregi beharbada?).  Egiten ez duen ekintza bakoitzeko, erabakitzen ez duen aukera bakoitzeko bizitza galtzearen sentsazioak porlandu egiten du, jaio diren lekuan bertan hiltzeko patu sahiestezina duten estatua horiek bezala.  Neguan bizitza txikia da, eta badu heusteko indarrik. Bera bezain txikia da kasik izatea munduan hotz denean. Eta nola ez, ilunak babestu egiten du. Errazago egiten zaio bera izatea. Udarekin alderatuz oso bakardade ezberdina da negukoa. Neguan bizitza bat duela iruditzen zaio, harat-honat laburrean, lehio ondoko bakarrizketa luzeetan. Euriari sarri mintzatu izan zaion iluntze ilunetan giroak filme erromantikoetako une hunkigarrieneko antza hartzen du. Berak oso gogoko ditu filmeak, batez ere bere bizitzako eszenetan sarri nahasten duelako pelikuletako magia ederrena. Neguan askoz errazagoa da.  

Udan badirudi barne munduari biraka aritzea ez bizitzea dela eta mundu biribil honi biraka aritu behar zaiola norberak benetan bizi nahi badu. Udak beldurra ematen dio, eta beldur horrek ikaratu egiten du.  

 

Pentsamendua eremu deserosora iritsi da eta begiak itxi ditu, burua burkoan ondoratu eta ilunaren bila abiatu da. Buelta erdi eta lo gehiago. Beste behin argiak garaiturik. 

 

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5